| Laburpena: |
Tradizioaren jarraitzaile eta bultzatzaile amorratua, zuberotar kantagintzari beste sentiberatasun bat ekarri dio, zalantzarik gabe, aspaldiko emozioak, olerkiak, kantak eta ametsak, garaikide bilakatuz.
Arnaut Oihenart (Maule, 1592 - Donapaleu 1667) historialari, abokatu eta olerkari zuberotarraren irudia dakarkigu Berzaitzek, oraingoan, POEMES DE JEUNESSE disko eder honetan. Notitia utriusque Vasconiæ lan historiografikoagatik da ezaguna, baina bere olerkia ez dago oso zabaldurik.
Berzaitzen zilarrezko ahotsaren samurtasunak indar handia du, eta Jöel Merah musikariaren moldaketa argiak, baikorrak eta aberatsak dira lan honen oinarria, Oihenarten poesiaren kalitatea eta humanismoa nabarmentzeko. Horrela, zuberotar tradizioaren iraunkortasunaren aldeko lana ekoitziz, euskal kulturaren arragoari etorkizun izpiak ekar dakizkioke. |